XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal itzultzaileen elkartea.

Gaurko egunez, 1.987ko abenduaren 14ean, Euskal Itzultzaileen Elkartearen behin behineko Zuzendaritza Batzordeak Donostian egin duen bileran bukatutzat ematea erabaki du orain arte Elkarte honek eraman duen Konstituzio prozesua, beronen Estatutuen legezko onarpena eskuratu duelarik, eta horrenbestez, bazkidetza epea zabaldu eta datorren urtarrilaren 30ean ospatuko den Lehen Biltzar Nagusirako deia egitea.

Euskal Itzultzaileen Elkartearen xedeak, berorren Estatutuen II. tituluan aitortzen denez, ondoko hauek dira: a) Euskal itzultzaileen babes juridikoa lortzea eta berauen lan baldintzak hobetzea.

EIE-ak bere egiten ditu 1.976ko azaroan UNESCO-ren biltzarre nagusiak itzultzaileen babes juridikorako egindako gomendioak.

- Jabego intelektuala, testuak ez aldatzea, autoreari egiten zaion publizitatearen horrenbesteko baterako eskubidea eta gomendio horretan aditzera ematen diren beste zenbait eskubide.

b) Euskarara edo euskaratik egiten diren itzulpenen kalitatea zaintzea, jatorrizko testuarekiko leialtasunez eta euskarazko kalitate minimo bat eskatuz burutuak izan daitezen.

c) Era guztietako obrak euskarara itzul daitezen ahalegintzea.

d) Euskal itzultzaileak prestatu eta hobe daitezen saiatzea.

e) Euskal itzultzaileen interes ekonomiko eta sozialen sustapena eta defentsa.

Euskal itzultzaile Elkartearen kide izateko baldintzak, berau Profesionari Elkarte bezala definitzen denez gero onartu berri diren Estatutuen III. tituluan definitzen diren hauek dira:

a) Azken bost urteotan euskarara edo euskaratik bi liburu itzuli eta argitaratu izana; edo beste horrenbesteko itzulpen kopuru bat burutu izana, behar diren ziurtagiriekin frogaturik.

b) Edo Euskarazko Itzultzaile Eskola batean itzultzaile ikasketak burutu izana.

c) Edo Euskal Herriaz kanpoko beste Itzultzaile Eskolaren bateko itzultzaile tituluaren jabe izatea.

d) Edo itzultzaile lanpostu batean urtebetean gutxienez lanean aritu izana, behar diren ziurtagiriekin frogaturik.

Horiez gain, era beharrezkoa izango da: e) Zuzendaritza batzordearen onespena f) eta Elkarteko hiru partaideren abala.

Elkartean bazkidetzeko lehenengo epea, Biltzarrean parte hartu ahal izatekoa, 1.988ko urtarrilaren 15an bukatuko da.

Interesa dutenek, beraz, bidal ditzakete beren eskariak helbide honetara: Euskal Itzultzaileen Elkartea - Euskaltzaindia - Txurruka kalea 7-2 20004 DONOSTIA.